XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gertakizun disgregatzaile eta traumatikoek, edo, besterik gabe, berriek, kontzientziaren esnaera eragiten dute giza psikologian.

Halatsu herrien historian

Ez naiz historia kontuetan aditua, baina interesgarria deritzot identitate-kontzientzia bi une historikoren argitan aztertzeari.

Iparraldeari dagokionez, honela ikusten du Olaizola historialari protestanteak Nafarroako inbasioaren ondorengo Juana Albretekoaren garaia: La Soberanía de Navarra y Béarn tenía su más firme apoyo en el Parlamento de Navarra, de mayoría protestante. La Reforma Protestante refuerza la conciencia nacional frente a las pretensiones de sus vecinos los reyes de España y Francia

Hegoaldeari dagokionez, berriz, Ilustrazio garaiaren hastapenetatik Konbentzio gerra bitartera, berebiziko aldaketa ideologikoa ezagutu zuen, beti ere identitatea arretagai: pentsamendu politiko ilustratuaren iusnaturalismoa herriaren lege naturalen (foruen) gorazarre egiten hasi zen koroa absolutistaren aurrean, eta horrek halako mekanismo geraezin bat abiarazi zuen: zentxoa izatez aski zuen euskalduna bere buruaren kontzientzia hartzen hasi zen.

Ordu arte ia besterik gabe zena, bere izatearen kontzientziaz jabetu zen, horixe baita identitatea: niaren oharpena eta sentimendua. Eta niaren onarpenari segitzen zaion ondorioa: ni baldin banaiz, ez naiz beste hori.

Beste hori, ordea, tradizio handi eta eder batekoa zen.

Humillados por la consideración del vascuence como inculto y rudo dio Antonio Tovarrek Larramendiri eta Astarloari buruz, lo que hacen primordialmente es defender su lengua y buscar en su antigûedad patente de nobleza.

Elizak, Ilustrazioak ereindako hazi progresistaren uzta bere komenturako on zela ikusirik, niaren oharpen hori euskal arimaren bazterrak duintzeko baliatu zuen: Basarteko unibertsitatean ikasitako Peru Abarka pieza batekoa eredu jarririk (harena bai eta hura bai kontzientzia!), baserrietako Peru-Marixe baldar, hiztotel eta sagardozaleak zein Maisu Juan barberu kaletar erdi ilustratu erdi mestizo desklasatua lezionatzen zituen Elizak.

Ekimen ideologiko bakar batez bi mutur (baserria eta kalea) uztartu zituen Elizak euskaldun zintzoaren aldarean.

Ez legoke esan beharrik bi gertakizun historiko horiek (Nafarroaren inbasioa eta Juana Albetrekoaren Erresuma, batetik; Ilustrazioa eta Konbentzio gerra, bestetik) erromantizismoa baino lehenagokoak direla, baina gogoratzea ondo datorrelakoan nago argibide gorabehera ilun eta eztabaida guztiak bihozkada erromantikoaren sutan urtu ez daitezen.